François López-Ferrer maisuaren zuzendaritzapean, Elena Sancho Pereg, Marifé Nogales eta Vocalia Taldea arituko dira 19:30ean Areto Nagusian izango den emanaldian
Euskadiko Orkestrak 2025/26 Denboraldi Sinfonikoaren azkenaurreko programa aurkeztuko du Baluarten apirilaren 14an (19:30ean) Bernaola/Mendelsshon izenburupean. Kontzertuaren obra nagusia, ordubete baino gehiagoko iraupena duena, bigarren zatian etorriko da Felix Mendelssohnen Uda-gau bateko ametsa lanarekin, William Shakespeareren izen bereko antzezlanean oinarritua. Obertura ospetsu hau gaztetan sortu zuen eta, hamasei urte geroago, konpositore alemaniarrak komedia honetarako partitura osatu zuen, non ametsak eta errealitatea maitasunaren gorespenean elkartzen diren, eta Eztei Martxa bezalako doinu unibertsalak gordetzen dituen. François Lopez-Ferrer, Gustavo Dudamelen ikaslea eta 2024ko Solti Sariaren irabazlea, soilik euskal ahotsez osatutako taldearen buru izango da: Elena Sancho Pereg eta Marife Nogales abeslariak eta Vocalia Taldea abesbatza.
Laburragoa izango den kontzertuen lehen zatian orkestrak Bernaola eta Saint-Saënsen obrak interpretatuko ditu. Lehendabizi, orkestrak Carmelo Bernaolaren Abestiak berreskuratuko du, milurteko erdi batek bereizten dituen bi euskal konpositoreren arteko zubia ezartzen duen obra. Lan honetan otxandiarrak Juan de Antxietaren (1462-1523) doinu zaharrak tapiz garaikide batean fintasunez ehundu zituen. Abestiak obraren ostean, Euskadiko Orkestra gaueko lanbro poetikoetan murgilduko da kontzertu osorako. La nuit lanarekin egingo du, Camille Saint-Saënsek 1900. urte inguruan koru femenino eta sopranorako sortutako konposizio gogoangarria, oso gutxitan interpretatutako musika frantsesaren harribitxia.
Sarrerak 10 eurotik aurrera salgai daude euskadikoorkestra.eus webgunean eta Baluarteko leihatilan (kontsultatu prezio bereziak).