Gu gara:

NICDO Gobierno de Navarra

Sare profesionalak:

APCE La Red Española
28/07/2026

Federico Albanesek 'The Blue Hour' lanaren hamargarren urteurreneko kontzertua eskainiko du Baluarten

Iruñeko auditorioan lehen aldiz arituko den konpositore eta pianista italiarraren kontzerturako sarrerak salgai daude jada

  • Federico Albanese
  • concierto Baluarte


Federico Albanese konpositore, multiinstrumentista eta ekoizle italiarrak The Blue Hour – 10 Years Anniversary Concert bira ekarriko du Baluarteko Ganbera Aretora datorren urriaren 30ean, arratsaldeko 19:30ean. Bere ibilbideko lan esanguratsuenetako baten hamargarren urteurrena ospatzeko bira da, eta, gainera, artistak lehen aldiz joko du Iruñeko auditorioan. Kontzerturako sarrerak dagoeneko salgai daude, 25 eta 32 euroan, Baluarteko leihatilan eta NICDOk La Morea merkataritza-gunean duen informazio- eta salmenta-puntuan. Halaber, online ere eros daitezke, www.baluarte.com webgunean, 25,95 eta 32,95 euroan (kudeaketa-gastuak barne). Horrez gain, Sarrera Irisgarriak (MUPak eta PDSak) ere eskuragarri daude.

2016an argitaratutako The Blue Hour lanari esker, Albanese gaur egungo musika instrumentalaren erreferenteetako bat bihurtu zen. Hamargarren urteurreneko kontzertu honetan, musikari italiarrak disko hartako konposizioak berreskuratuko ditu, ospakizunerako bereziki prestatutako formatuan, eta ondoren argitaratutako lanetako piezak ere interpretatuko ditu, tartean 2025ean kaleratutako Blackbirds and the Sun of October bere azken diskoa.

Italian jaioa, Federico Albanesek konpositore, pianista eta ekoizle gisa garatu du bere ibilbidea. Azken urteotan bakarkako hainbat disko argitaratu ditu, besteak beste, The Houseboat and the Moon, By the Deep Sea, The Twelve eta Blackbirds and the Sun of October. Bere jarduna ikus-entzunezkoen esparrura ere zabaldu da, zinemarako, telebistarako, balletterako, modarako eta publizitaterako konposatutako musikaren bidez. Azken lanen artean, Autumn Beat, Last Swim eta Sei Fratelli filmen soinu-bandak nabarmentzen dira. Last Swim filmerako konposatutako musika 2024ko Berlingo Nazioarteko Zinemaldian aurkeztu zen, eta bertan filmak Crystal Bear (Kristalezko Hartza) saria eskuratu zuen.