Baluarte está integrado en la sociedad pública de Gobierno de Navarra, NICDO "Navarra Impulsa Cultura, Deporte y Ocio"

NICDO
15/05/2025

Gorka Urbizuk kontzertu berri bat iragarri du Baluarten azaroaren 7an, gaueko 21:00etan

Hilaren 8ko emanaldirako sarrerak ia agortu dituen musikari nafarrak Hasiera Bat diskoa aurkeztuko du zuzenean Areto Nagusian, gaueko 21:00etan. Sarrerak ohiko kanaletan eskura daitezke

  • Gorka Urbizu
  • concierto Baluarte


Azaroaren 8an (21:00etan) Baluarten izango den kontzerturako sarrerak ia agortu ondoren, Gorka Urbizuk bigarren kontzertu bat iragarri du aurreko egunean, azaroaren 7an, Iruñeko auditorioan, ordu berean. Lekunberriko musikariak Baluarteko emanaldi bikoitzarekin agurtuko du Nafarroan egingo duen bira. Disko honekin lau urtetako isilunea apurtu eta harrera beroa jaso du hala entzulegoaren nola kritikaren partetik. Izan ere, Nafarroa Arenan Berri Txarrak-en agurreko bi kontzertu sonatuen ondoren, fokuetatik aldenduta egon da Urbizu, nahiz eta, bistan da, ez den geldirik egon. Sarrerak 26,95 eta 29,95 eurotan www.baluarte.com web-orrian, Baluarteko txarteldegian eta NICDOk La Morea merkataritza-gunean duen informazio- eta salmenta-puntuan eskura daitezke. Kontzertuaren egunean bertan, 17:00etatik aurrera, sarreren prezioa igoko da.

Egile nafarra gauza izan da bere kantugintza berrasmatzeko eta musikari/ekoizle moduan aurrerapauso handia soma daiteke kantu eder eta biluziotan. Ez alferrik, 30 urtetik gora daramatza taulagainean eta sorkuntza lan etengabean. Hasiera Bat ofizio handiko lana da inondik ere; sosegua, detaile zainduak eta lilura kantuaren alde lerratzen diren aterpe sonoro bat. Adibide gisa har genezake Etxe Bat, bere familiari idatzitako kantua, berriki Musikaren Akademiak euskarazko kanturik onenerako izendapena jaso duena. Album hau 2024ko lanik onenen zerrendetan agertu da prentsa musikalean, Musika Independentearen Sarietan (Premios MIN) Euskarazko Diskorik Onenaren Saria irabazteaz gain.

Egun Amaia Miranda (gitarra), Karlos Arancegui (1. bateria), Felix Buff (2. bateria) eta Nando Neira (baxua) musikari finez lagunduta, Tour Bat birak estatu osoa zeharkatu du (Madril edota Bartzelonan sarrerak agortuta), Kolonbia, Mexiko, Txile eta Argentinatik pasa eta Euskal Herrian berebiziko arrakasta izan du, hainbat hiritan bizpahiru emanaldi jarraian eskainiaz.