Baluarten egingo diren 12 ikuskizun eta 12 kontzertu biltzen dituzte, hurrenez hurren, eta gazteentzako, 65 urtetik gorakoentzako eta beste kolektibo batzuentzako deskontuak mantentzen dituzte
Baluarte Fundazioaren eta Nafarroako Orkestra Sinfonikoaren (NOS/OSN) 2026-2027 denboraldietarako abonu eta sarrera berriak salgai jartzen dira Baluarte Auditoriumean. Abonuak ekainaren 16tik hasita erosi ahal izango dira, eta hilaren 25etik aurrera ikuskizun eta kontzertuetarako banakako sarrerak ere eskuragarri egongo dira. Gainera, ekainaren 24tik aurrera Baluarte Fundazioaren abonu partzialak erosi ahal izango dira.
Baluarte Fundazioaren Denboraldi Nagusiko abonu orokorrak 12 musika eta dantza ikuskizun biltzen ditu, 2026ko urritik 2027ko maiatzera bitartean taularatuko direnak. Musika-programazioan nabarmentzekoa da Lucia di Lammermoor opera; haren lehen emanaldia abonuaren barruan dago. Programazioa osatzen dute Eraztunen Jauna: Sinfonia, Zarzuela gala bat eta nazioarteko ospea duten artista eta taldeen errezitaldi eta kontzertuak, hala nola Nadine Sierra, Jakub Józef Orliński, Yuja Wang, Vienako Haur Kantariak eta Il Gardellino Orchestra. Dantzari dagokionez, denboraldian parte hartuko dute Tao Dance Theaterrek -Encuentros de Pamplona 2026ren baitan-, Scapino Ballet Rotterdam-ek, Andaluziako Ballet Flamenkoak Accademia del Piacererekin batera, eta Dantza Konpainia Nazionalak.
Abonu honek beherapena eskaintzen du sarreren guztizko prezioaren gainean: 420 euro (A eremua), 340 euro (B eremua) eta 262 euro (C eremua). Gazte Txartela duten 30 urtetik beherakoek 128 euroan (B eremua) eta 98 euroan (C eremua) eskuratu ahal izango dute. Baluarte Fundazioaren abonu partzialak ekainaren 24tik aurrera jarriko dira salgai. Musika Abonuak 8 ikuskizun eskaintzen ditu eta 341 euro balio du (A eremua), 275 euro (B eremua) eta 214 euro (C eremua). Dantza Abonuak 4 ikuskizun biltzen ditu, eta haren prezioa 131 eurokoa da (A eremua), 107 eurokoa (B eremua) eta 80 eurokoa (C eremua).
Abonu bateratua: 24 ikuskizun eta kontzertu prezio murriztuan
Nafarroako Orkestra Sinfonikoaren (NOS/OSN) 2026-2027 denboraldiko abonu orokorrak, Simbiosia izenekoak, 12 kontzertu biltzen ditu. Kontzertu horiek hainbat garai, estilo eta hizkuntza musikaletan barrena bidaiatzeko aukera eskaintzen dute, Barrokotik hasi eta gaur egungo sorkuntzaraino. Perry So zuzendari titular eta artistikoaren bosgarren abonu-denboraldia izango da.
Programazioak arreta berezia eskainiko die Beethovenen eta Manuel de Fallaren urteurrenei, baita Nafarroarekin lotura duten Emiliana de Zubeldía eta Koldo Pastor musikagileei ere. NOS/OSNk erreferentziazko zuzendariak gonbidatuko ditu, hala nola Jonathan Cohen, Oksana Lyniv, Lawrence Foster eta Marko Letonja, baita nazioartean aitortutako bakarlariak ere, besteak beste Nelson Goerner, Alexandra Dovgan, Alexandra Conunova eta Christian Lindberg. Nabarmentzekoa da, beste urte batez, Iruñeko Orfeoia eta Iruñeko Ganbera Abesbatzaren parte-hartzea.
Abonu orokor osoaren prezioa 275 eurokoa da (A eremua), 220 eurokoa (B eremua) eta 135 eurokoa (C eremua). 65 urtetik gorakoentzako prezioa 250 eurokoa da (A eremua), 205 eurokoa (B eremua) eta 99 eurokoa (C eremua). Halaber, Gazte Txartela duten 30 urtetik beherakoentzako prezio berezi bakarra dago: 99 euro hiru eremuetako edozeinetan. Orkestrak, gainera, desgaitasuna duten pertsonentzako, langabezian daudenentzako, familia ugarientzako eta guraso bakarreko familientzako deskontuak mantentzen ditu.
Baluarte Fundazioaren eta Nafarroako Orkestra Sinfonikoaren abonu bateratua ere eskuratu daiteke. Horrek Baluarte Fundazioaren 12 ikuskizunak eta NOS/OSNren 12 kontzertuak hartzen ditu barne, 626 euroan (A eremua), 504 euroan (B eremua) eta 357 euroan (C eremua). 65 urtetik gorako pertsonentzat, abonu bateratuaren prezioa 603 eurokoa da (A eremua), 486 eurokoa (B eremua) eta 348 eurokoa (C eremua).
Gainera, Kultura nahieran abonamenduak beherapenak eskaintzen ditu bi denboraldietako hainbat ekitaldi aukeratuz —biak konbinatu daitezke—: %10eko deskontua lau ikuskizunetik aurrera eta %15ekoa zazpitik aurrera.
Sarrerak eta abonuak 948 229 217 telefonoaren bidez, Baluarte Fundazioaren webgunean eta haren bulegoan (Ejército etorbidea, 32) eros daitezke; baita 948 066 066 telefonoaren bidez, Baluarte Auditoriumeko txarteldegian eta webgunean, eta NICDOk La Morea merkataritza-gunean duen informazio eta salmenta puntuan ere. Online egindako erosketa guztiek 0,95 euroko kudeaketa-gastuak dituzte.