Kontzertua Baluarteko Areto Nagusian izango da 19:30ean eta Musikeneko Orkestra Ikasketen Masterreko eta Iruñeko Ganbera Abesbatzako ikasleek parte hartuko dute
Nafarroako Orkestra Sinfonikoak (NOS) eta Perry So zuzendari titular eta artistikoak Gustav Holst-en Planetak obra interpretatuko dute maiatzaren 22an (19:30ean) Baluarteko Areto Nagusian. 24-25 Denboraldiaren baitan, Zeruari begira izeneko 11. kontzertuak Iruñeko Planetarioaren laguntza izango du; zehazki, Planetarioak eduki astronomikoa emango dio zientzia eta musika lotzen dituen dibulgazio-ekimen honi. Emanaldian Musikeneko Orkestra Ikasketen Masterreko ikasleek ere parte hartuko dute, erakundeak Baluarte Fundazioarekin eta NOSrekin duen hitzarmenaren esparruan. Halaber, Iruñeko Ganbera Abesbatzako emakumeen atalak ere arituko da Holst-en obraren amaieran.
Planetak 1914 eta 1917 artean sortutako orkestra-suite bat da, eta eragin handia du ondorengo musika sinfonikoan eta zinematografikoan. Gorputz zerutiar hauen izaera mitologikoa nabarmentzen duten zazpi mugimendutan banatuta dago: Marte, gerraren eramailea; Artizarra, bakearen eramailea; Merkurio, mezulari hegoduna; Jupiter, alaitasunaren eramailea; Saturno, zahartzaroaren eramailea; Urano, aztia eta Neptuno, mistikoa. Holstek haien arteko kontraste musikala bilatuz ordenatu zituen, ez eguzki-sisteman zuten posizioaren arabera.
Mugimendu bakoitzaren argi-girotzeak inspirazio zientifikoa izango du, planeten azterketa astronomikoetan oinarrituta. Era berean, testuinguru zientifiko gisa, Planetario/NICDOko astrofisikari batek sarrera labur bat egingo du mugimendu bakoitzaren aurretik.
Sarrerak 15, 29 eta 35 eurotan, eta 30 urtetik beherakoek, 12, 23 eta 28 eurotan, www.baluarte.com web-orrian, Baluarteko txarteldegian eta NICDOk La Morea merkataritza-gunean duen informazio- eta salmenta-puntuan eskura daitezke. Gainera, 30 urtetik beherakoek sarrerak 5, 9 eta 11 eurotan eskuratu ahal dituzte kontzertua baino hiru egun lehenagotik, soilik leihatilan.