Berlingo Filarmonikoaren historiako lehen emakume kontzertinoak kontzertino eta zuzendari lanak egingo ditu denboraldiko bigarren abonu-kontzertuan. Harirako erabat izango den programan Shostakovich-en eta Grieg-en obrak ere entzun ahalko dira
Vineta Sareika biolin-jotzaileak "Lonely Angel" ("Biolin eta harizko orkestrarako meditazioa") obra estreinatuko du Espainian, Nafarroako Orkestra Sinfonikoaren 25-26 Denboraldiko bigarren abonu-kontzertuan Baluarten, heldu den azaroaren 6an (19:30ean) Areto Nagusian Amildegitik izenburupean osorik harirako izango dena.
Distant Light biolinerako lehen kontzertua eman eta ia hamarkada batera, Lonely Angel konposatu zuen Pēteris Vasks-ek, eta Gidon Kremerrek ere estreinatu zuen. Vasks-ek aingeru baten ikuspen bat izan zuen inspirazio iturri, honela deskribatzen duena: "Aingeruak mundua hegan egiten du, Lurraren egoera hondatuari begira, malkoak begietan dituela, eta, hala ere, haren hegalen ukitze ia hautemanezin eta maitasunez beteak kontsolamendua eta sendabidea ematen ditu. Pieza hau minaren erantzun bat da". Musikagileak giza ahots edo, zehazkiago, gizagaineko ahots gisa tratatzen du instrumentu bakarlaria: aingeru bakartiaren irudikapen tonala, itxaropenez, munduan zehar nekaezin zaintzen duena.
Kontzertuaren lehen zatian, Dmitri Shostakovich-en Ganbera Sinfonia, op. 110a ere izango da. Bigarren atalean, NOSek Edvard Griegen Hari laukote sol minorrean obraren inguruan A. Ardalek eginiko hari-orkestrarako egokitzapenari helduko dio .
Sarrerak 15,95, 29,95 eta 35,95 eurotan www.baluarte.com web-orrian, Baluarteko txarteldegian eta NICDOk La Morea merkataritza-gunean duen informazio- eta salmenta-puntuan eskura daitezke. Gainera, 30 urtetik beherakoek sarrerak 5,95, 9,95 eta 11,95 eurotan eskuratu ahal dituzte, soilik leihatilan.
Vineta Sareika biolin-jotzaile letoniarra Berlingo Orkestra Filarmonikoan kontzertino postua bete duen lehen emakumea da historian. Ibilbide polifazetikoa egiten du, eta jarduera ugari egiten ditu: bakarlaria, ganberako musika, orkestrako kontzertinoa, irakaslea eta epaimahaikidea. Elisabeth Erregina Biolin Lehiaketan saritua izan da eta Echo Klassik hainbat sari irabazi ditu.