Noir zortea izango da eleberri beltz garaikideko izen handiak bilduko dituen edizioaren haria, emakumeen presentzia bereziki nabarmenarekin eta oihartzun mediatiko handiko kasuekin El Crimen a Escena atalean
Pamplona Negrak hamahirugarren edizioa ospatuko du 2027ko urtarrilean, sineskerien, madarikazioen eta kasualitateen unibertsoan murgiltzera gonbidatzen duen proposamen batekin. Noir zortea lelopean, jaialdiak zori onak eta txarrak, zoriak eta patuak delituan, ikerketa polizialetan eta idazleen sormen prozesuan nola eragin dezaketen aztertuko du.
Mikel Santos «Belatz» ilustratzaile nafarraren lana da edizio honetako kartela, eta imajinario superstiziosoaren sinbolo ezagunenetako batzuk jasotzen ditu, hala nola katu beltza, ispilu hautsia eta 13. zenbakia. Irudiak Noir zortearen unibertsoarekin bat egiten du eta jaialdira astebetez hurbilduko den giroa iragartzen du.
Nafarroako Gobernuko Kultura Zuzendaritza Nagusiak eta NICDOk sustatuta, eta Baluartek eta Nafarroako Filmotekak antolatuta, Pamplona Negrak Baluarte izango du egoitza nagusi berriro, eta hiriko beste gune batzuetara zabalduko du programazioa. Edizio berria urtarrilaren 18tik 23ra egingo da, eta gaur goizean aurkeztu dute Susana Rodríguez Lezaun Pamplona Negrako zuzendariak, Eduardo Nanclares NICDOko ordezkariak, Julio Mazarico Nafarroako Filmotekako arduradunak eta Iosune Ojer Nafarroako Liburutegi Publikoen Zerbitzuko kideak.
ELEBERRI BELTZ GARAIKIDEAREN IZEN HANDIAK
Zortzi mahai-inguru eta elkarrizketa bat izango dira edizio honetako literatur topaketetan, eta eleberri beltzaren eta thriller garaikidearen izen nabarmenek hartuko dute parte. Pamplona Negra 2027ren ezaugarri nabarmenetako bat emakumeen presentzia handia izango da, % 54ko parte hartzea gainditzen baitu. Gonbidatuen artean Berna González Harbour, Rosa Ribas, Rosa Montero, Claudia Piñeiro eta Paz Velasco de la Fuente daude. Apustu horrek ere isla berezia izango du jaialdiaren azken txanpan. Ostiral eta larunbateko programazioa emakumezkoena izango da, eta, amaiera gisa, Alicia Giménez-Bartlett idazlearen eta Silvia Intxaurrondo kazetariaren arteko topaketa bat izango da. Noir generoko egile handien zerrenda Juan Carlos Galindok eta Chris Whitaker idazle britainiarrak osatzen dute, besteak beste.
KRIMENA ESZENATOKIAN: GIZARTEA ASTINDU ZUTEN KASUAK
Beste edizio batez, jaialdiaren sail nagusiak kronika beltzaren ikerketa garrantzitsuenetako batzuk barrutik ezagutzeko aukera eskainiko dio publikoari, beren esperientzia partekatuko duten eta ikerketen gakoak argituko dituzten profesionalen eskutik.
Aztertuko diren kasuen artean, oihartzun mediatiko handiko kasu batzuk daude, hala nola Wanninkhof-en kasua, Juana Cortésena, Bentleyrena, shaolin faltsuarena edo Asuntaren krimena. Gertakari horiek aztertzeko, Pamplona Negran Foruzaingoak, Polizia Nazionalak eta Guardia Zibilak parte hartuko dute berriro, baita Ertzaintzak ere, bigarren urtez jarraian. Programazioan, Clara Tiscarrek gidatutako Criminopatía podcastaren zuzeneko saio bat ere izango da, true crime delakoari beste begirada bat emateko.
ZINEMA, TAILERRA ETA TOPAKETAK PUBLIKO BERRIEKIN
Zinema beltzak leku nabarmena izango du berriro programazioan, Nafarroako Filmotekak hautatutako hiru lanen proiekzioarekin, urtarrilaren 18, 19 eta 20an, Ganbera Aretoan. Aukeraketa horrek aukera emango du pantaila handiaren bidez generoaren alderdi desberdinak aztertzen jarraitzeko: Snatch. Cerdos y diamantes (Guy Ritchie, 2000), El hombre que nunca estuvo allí (Joel Coen, Ethan Cohen, 2001) eta La jungla de asfalto (John Huston, 1950).
Programazioak Eleberri Beltzaren Tailerra ere hartuko du barne, zeina bi saiotan egingo baita, urtarrilaren 18an eta 19an, 16:00etatik 18:00etara, Iruñeko Auditorioko Gola aretoan. Tailerraren izenburua Hari mataza askatzea. Eleberrira iristeko ideiak antolatzea eta Francisco Bescós idazleak emango du.
Era berean, Pamplona Negrak Baluarten ikasleekin egindako topaketa berreskuratuko du aurten. Ekimenak genero beltza eta irakurketa hurbilduko ditu Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleengana, Ibon Martin idazlearen eskutik, Onin eta Sira gazteen sagaren egilea. Ekitaldia urtarrilaren 22an izango da, gaztelaniaz eta euskaraz, eta interesa duten ikastetxeek aldez aurretik izena eman beharko dute.
PAMPLONA NEGRA HIRIAN ZEHAR
Pamplona Negrak Nafarroako hiriburuko eta eskualdeko hainbat txokotara eramango du bere programazioa. Nafarroako Liburutegi Publikoen Sarearekin lankidetzan aritzeak aukera emanen du egileekin topaketak, tailerrak, liburu aurkezpenak eta irakurketa klubak antolatzeko. Elkarlan sare horri ONCE gehitu behar zaio, bertan Carlos Zanón idazlearen irakurketa kluba egonen dela, eta El Vergel adinekoentzako egoitzan, hitzaldia Carlos Bassasen eskutik.
Kondestablearen Jauregia Ibilbide Antzeztuaren agertoki bihurtuko da aurten ere, eta NUPeko Antzerki Taldeak ikusleak harrituko ditu Txistu bat gauean antzezlanarekin, Arthur Conan Doyle autorearen Sherlock Holmesen La banda de lunares kontakizunaren egokitzapen librea. Jarduerak 6 saio izango ditu: hiru hilaren 16an, eta beste hiru urtarrilaren 23an. Gainera, La Antigua Farmacian Farmazia Beltzaren saio berri bat izango da, eta aurtengoan Íñigo Bordiú idazle kantabriarrak hartuko du parte, Espainiako nobela beltzaren ahots emergenteetako bat. Bestalde, Tres Reyes Hotelak Gastronomia Beltzarekin izango duen hitzordua hartuko du berriro. Bertan, Menu Kriminal bat eskainiko da, historiako kriminal handien plater gustukoenekin. Egitaraua osatzeko, Pamplona Negrak bosgarren urtez jarraian espetxea bisitatuko du, oraingoan Francisco Bescós idazlearekin.
Eta Nafarroako hiriburuko asterik beltzenaren atariko, Pamplona Negrak ohiko aperitibo literarioa egingo du El Corte Ingleseko Kultur Eremuan. Hitzordua urtarrilaren 15ean izango da, ostiralarekin, Diego Ameixeiras idazlearen partaidetzarekin.
IRISGARRITASUNA ETA JASANGARRITASUNA JAIALDIAN
Pamplona Negrak programazio gero eta irisgarriago eta inklusiboago baten aldeko apustuari eusten dio. Beste edizio batean, mahai-inguru eta El Crimen a Escena saioek zuzeneko itzulpena izango dute zeinu-hizkuntzara, eta gorren edukien jarraipena erraztuko da.
Jasangarritasunarekiko konpromisoak presente jarraituko du jaialdiaren antolaketan, jardueraren ingurumen inpaktua murriztera bideratutako neurriekin, hala nola programa inprimatuak murriztea eta informazioa kontsultatzeko QR kodeen erabilera sustatzea, baita ur botilatxoen ordez jardueretan pitxerrak jartzea ere, aurreko edizioetan egin izan den bezala.
Jaialdiko jardueretarako sarbidea doakoa da, tailerretarako eta zinema emanaldietarako izan ezik. Ordainpeko sarrerak eta Teatralizatutako Ibilbiderako gonbidapenak Baluarteko leihatilan eta NICDOk La Morea merkataritza-gunean duen informazio- eta salmenta-gunean eskura daitezke. Online ere erosteko aukera dago, www.baluarte.com webgunean (kudeaketa-gastuak barne). Gainera, Sarrera Eskuragarriak (MUPak eta PDSak) salgai daude. Hitzordu gastronomikorako txartelak Tres Reyes Hoteleko harreran eros daitezke edo 948 22 66 00 telefonora deituz.
Pamplona Negraren 13. edizioak Iruñeko Udalaren, Kondestablearen Jauregiaren, NUPeko Antzerki Taldearen, EOIP/IHEOren, Bibliotecas Públicas de Navarra/Nafarroako Liburutegi Publikoen, Hotel Tres Reyes, Gran Feudo, La Antigua Farmacia, Cervezas Alhambra eta Casa Salinas enpresen babesa eta laguntza du, horiek baitira jaialdiaren programazioa ahalbidetzen laguntzen duten entitate eta enpresak.