Musikari armeniar-estatubatuarrak Songs programa aurkeztuko du, melodiaren misterioari egindako omenaldia. Sarrerak ohiko kanaletan eskura daitezke jada
Baluarteko Areto Nagusiak Sergei Babayan musikari armeniar entzutetsuaren piano errezitaldia hartuko du heldu den 2026ko maiatzaren 12an (19:30ean). Piano-jotzaileak duela urtebetetik Espainian egiten duen lehen biran kokatzen den emanaldi hau "historikoa" izango da. Hitzorduan, Babayanek Songs (Kantuak) programa eskainiko du, melodiaren misterioari egindako omenaldia. Liederraren, abesti herrikoiaren eta melodiaren artearen bilakaera aztertzen duen programa irudimentsuaren baitan bakarkako piezak eta pianorako transkripzioak konbinatuko ditu, besteak beste, Schubert, Schumann, Liszt eta Rachmaninoff konpositoreen piezak eskainiz.
Maelicum-ek ekoiztutako kontzertu honetarako sarrerak 25,95 eta 39,95€ eurotan www.baluarte.com webgunean, Baluarteko leihatilan eta NICDOk La Morea merkataritza-gunean duen salmenta-gunean eskura daitezke.
Birtuosismoaren, sakontasun emozionalaren eta alderdi teknikotik haratago doan interpretazio espiritualaren sinonimo, Babayanek gaur egungo interprete bikain eta errespetatuenetako bat bezala koroatu duen karrera bat eratu du. Bere artea ez da soilik pianoa trebetasunez jotzea, baizik eta kantaraztea, nota bakoitza komunikatzen eta hunkitzen duen ahots bizi bihurtzea. Teknika menderatzeaz gain, interpretatzen dituen obren esanahirik sakonenak argitzeko gaitasuna ere badu.