Musikari nafarrak Hasiera Bat diskoa aurkeztuko du zuzenean, 4 urteko isilunearen ondoren, azaroaren 7an eta 8an, Areto Nagusian
Sarrera gutxi geratzen dira salgai Gorka Urbizuk Baluarten azaroaren 7an eta 8an (21:00etan) eskainiko duen emanaldi bikoitzerako. Lekunberriko musikariak Iruñeko Auditoriumean bi kontzerturekin agurtuko du Nafarroan zehar duen bira. Hasiera Bat diskoarekin lau urtetako isilunea apurtu eta harrera beroa jaso du hala entzulegoaren nola kritikaren partetik. Izan ere, Nafarroa Arenan Berri Txarrak-en agurreko bi kontzertu sonatuen ondoren, fokuetatik aldenduta egon da Urbizu, nahiz eta, bistan da, ez den geldirik egon. Sarrerak 26,95 eta 29,95 eurotan www.baluarte.com web-orrian, Baluarteko txarteldegian eta NICDOk La Morea merkataritza-gunean duen informazio- eta salmenta-puntuan eskura daitezke. Kontzertuaren egunean bertan, 17:00etatik aurrera, sarreren prezioa igoko da.
Egile nafarra gauza izan da bere kantugintza berrasmatzeko eta musikari/ekoizle moduan aurrerapauso handia soma daiteke kantu eder eta biluziotan. Ez alferrik, 30 urtetik gora daramatza taulagainean eta sorkuntza lan etengabean. Hasiera Bat ofizio handiko lana da inondik ere; sosegua, detaile zainduak eta lilura kantuaren alde lerratzen diren aterpe sonoro bat. Adibide gisa har genezake Etxe Bat, bere familiari idatzitako kantua, berriki Musikaren Akademiak euskarazko kanturik onenerako izendapena jaso duena. Album hau 2024ko lanik onenen zerrendetan agertu da prentsa musikalean, Musika Independentearen Sarietan (Premios MIN) Euskarazko Diskorik Onenaren Saria irabazteaz gain.
Egun Amaia Miranda (gitarra), Karlos Arancegui (1. bateria), Felix Buff (2. bateria) eta Nando Neira (baxua) musikari finez lagunduta, Tour Bat birak estatu osoa zeharkatu du (Madril edota Bartzelonan sarrerak agortuta), Kolonbia, Mexiko, Txile eta Argentinatik pasa eta Euskal Herrian berebiziko arrakasta izan du, hainbat hiritan bizpahiru emanaldi jarraian eskainiaz.