Abonamenduak 2025eko urritik 2026ko ekainera bitartean Iruñeko auditorioan izango diren 10 kontzertuetara joateko sarrerak ditu barne
Eskuragarri daude jada Baluarteko Areto Nagusian urriaren 3tik ekainaren 5era bitartean izango den Euskadiko Orkestraren 2025/2026 Denboraldi Sinfoniko berrirako ABONUAK. 85 €-tik gorako prezioan, abonu bakoitzak denboraldiko 10 programetarako sarrerak ditu barne: Berlioz/Ravel (urr3), Schmidt/Say (aza12), Sorozabal/Mahler (aza25), Arriaga/Strauss (urt14), Franck/Bruckner (ots27), Schumann/Respighi (mar13), Rachmaninoff/Bartok (api14), Strauss/Mendelssohn (mai5), Bernaola/Mendelssohn (mai26) eta Prokofiev/Tchaikovsky (eka5).
Euskadiko Orkestrak gogoeta egiteko, izaera kritikoa sortzeko eta norbanakoaren eta taldeko pentsaeraren askatasuna handitzen duen kontzientzia eratzeko tresnak gizartearen zerbitzura jartzeko helburuari eusten dio. Horregatik, Denboraldi berri honetan musika-literatura zabaletik argumentu berriak atera ditugu, misio honetan gidalerro eta sostengu diskurtsibo gisa balio izango digutenak. Ikusiko ditugu, besteak beste, borroka-, salaketa- eta erresistentzia-adibideak, iragatearen eta amaiera baten kontakizunak, ametsetik esnatzearenak, dena Kontzertu Denboraldian zehar. Denboraldi honek, gainera, Ravel ekarriko du gogora, haren jaiotzaren 150. urteurrenean, eta Arriaga, haren heriotzaren 200. urteurrenean.
Argumentu horiek inplizituki jasotzen dute beti deskubritzeko tartea. Hori gertatuko da, esaterako, Fazil Say eta Franz Schmidt konpositoreekin, baina baita beste zenbait lanekin ere, besteak beste, Berliozen Herminie, Francken Bariazio sinfonikoak eta Bachen Ich habe genug. Bestalde, aurretik ezagutzen ditugun lanei beste bisita bat egiteko (Respighi eta Strauss, adibidez, haien erreferentziazko lanekin) eta beste egile batzuengana itzultzeko tartea ere jasotzen du; Txaikovski eta Bartok edo Rakhmaninovengana, adibidez, haien lanik ezagunenekin (eta, batzuetan, baita zailenak ere). Ravel Pirinioen bi aldeetara, Arriaga, Sorozabal, Bernaola eta Ibarrondok euskal orkestra baten Denboraldia zeharkatuko dute. Lurraldeko orkestra da, eta bere sustraietan sostengatzen da mundura azaltzeko.
Programazioa kontzeptualizazio baten inguruan arituko da biraka, eta artista garrantzitsu mordoa izango du kontzeptu hori lurrera ekartzeko. Euskadiko Orkestrarekin batera, Denboraldiaz gozatuko dugu begirada oso femeninoarekin; oso korala, oso gaztea, oso ahaltsua eta sustraitze handiarekin. Ezaugarri horiek guztiek musika-esperientzia bakoitza energiaz eta gaitasun eraldatzailez betetako musika-injekzio bihurtuko dute. Miren Urbieta-Vega, Sofia Esparza, Elena Sancho Pereg eta Marife Nogalesen ahotsak eta Marta Zabaletak pianoarekin eskaintzen duena programazio berriaren ezaugarrien zati handi baten erakusgarri dira. Baita Landarbasoren, Donostiako Orfeoiaren eta Vocalia Taldearen ahots koralak ere. Horrez gain, bakarlari boteretsuak ere izango ditugu: Rachel Willis-Sørensen, Bomsori, Camille Thomas, Nikolai Lugansky eta Johannes Moser. Artisten zerrenda luze hori gonbidatutako batutekin beteko da, hala nola Ana Maria Patiño, Katharina Müllner, Joana Carneiro, Jaime Martin, Michal Nesterowicz eta Riccardo Frizza.
Bartzelonako L’Auditorik, bere OBC orkestrarekin hartu-emanean, berriro ere ateak irekiko dizkio Euskadiko Orkestrari.