Hitzordua martxoaren 12an izango da Baluarteko Ganbera Aretoan, Kazetaritza, ziurtasunak eta fake news-ak eklipseen garaian izenburupean. Sarrerak salgai daude jada
Eklipse aurretiko 12ak zikloko lehen bi saio arrakastatsuen ondoren, datorren martxoaren 12an (19:30ean) hirugarren elkarrizketa izango da, oraingoan Baluarteko Ganbera Aretoan, Kazetaritza, ziurtasunak eta fake news-ak eklipseen garaian izenburupean. Hitzorduak eklipseen inguruko ziurtasunei buruz hausnartzea proposatuko du: zientziak zehaztasunez ezagutzen duen fenomenoa, baina sineskeriaz eta fake news-ez inguratuta jarraitzen duena. Alborapenek eta desinformazioak markatutako testuinguru batean, nola defendatzen da egungo kazetaritza zientifikoa?
Arnaitz Fernández fisikari eta dibulgatzaile zientifikoak moderatuta, elkarrizketan Francisco Doménech Materia-El País egunkariko kazetari zientifikoak eta Sara Cazzoli CSIC Andaluziako Astrofisika Institutuko ikertzaile eta zientzia-dibulgatzaileak hartuko dute parte.
Martxoko saiorako sarrerak 3 euroan daude eskuragarri, Baluarteko leihatilan eta La Morea Merkataritza Guneko NICDOren informazio eta salmenta puntuan. Gainera, saioak 1,5 euroko prezio murriztua du (leihatiletan bakarrik) 19 urtetik beherakoentzat, 65 urtetik gorakoentzat eta gazte txartela dutenentzat; langabezia txartela dutenek, berriz, doan eskuratu ahal izango dute. Online ere eros daitezke txartelak 3,5 euroren truke (kudeaketa-gastuak barne), proiektuaren webgune ofizialaren bidez (www.eklipsenavarra.com), bai eta Iruñeko Planetarioaren eta Baluarteren webguneen bidez ere.